Opengela Egunak Euskadiko auzo-bulegoak bilduko ditu Bilbon, hiri-berroneratzearen inguruko esperientziak partekatzeko

Opengela Egunak Euskadiko auzo-bulegoak bilduko ditu Bilbon, hiri-berroneratzearen inguruko esperientziak partekatzeko

    • LIFE BIRTUOSS proiektuak bultzatutako topaketa datorren uztailaren 9an izango da, Guruzu gunean, EDE Fundazioaren egoitzan, eta Euskadiko 25 «opengelen» ordezkariak bilduko ditu, erakunde, enpresa eta gizarte-eragileekin batera.

Hiria berroneratzeko prozesuetan herritarrei laguntzen dieten hurbileko bulego-sarea finkatzeko urteetan elkarrekin lan egin ondoren, ikaskuntzak partekatzeko, emaitzak ikusarazteko eta aliantza berriak eraikitzen jarraitzeko unea iritsi da. Helburu horrekin jaio da Opengela Eguna, Euskadiko hurbileko bulegoen topaketa, datorren uztailaren 9an EDE Fundazioaren Bilboko egoitza den Guruzu espazioan ospatuko dena.

Jardunaldia, LIFE22-CET-BIRTUOSS proiektuaren esparruan antolatuta, Euskadiko 25 «opengelen» arduradunak eta kudeatzaileak bilduko ditu, baita administrazio publikoetako, enpresetako, gizarte-erakundeetako eta hiri-berroneratzearen arloko profesionalak ere.

Opengela erreferentziazko eredu gisa finkatu da herritarrei informazioa, laguntza eta baliabideak hurbiltzeko, batez ere hiria eraldatzeko eta birgaitzeko prozesuei aurre egiten dieten auzoetan. Autonomia-, foru- eta udal-erakundeen arteko lankidetzari esker garatu ahal izan da, gizarte-eragileekin, enpresekin eta auzotarrekin batera, betiere pertsonak jardunen erdigunean jarriz.

Topaketan, azken urteetan lortutako aurrerapen nagusiak aztertuko dira, BIRTUOSS proiektuaren balantzea aurkeztuko da eta hainbat euskal udalerritan garatutako esperientzia praktikoak partekatuko dira. Horrez gain, ereduaren hazkunde eta erreplikagarritasun aukerak landuko dira, Euskadin zein Euskaditik kanpo.

Topaketarako eta elkartrukerako gunea izan nahi du hitzorduak, hiri-trantsizio justu eta jasangarria bultzatzen jarraitzeko, hiria berroneratzeko prozesuetan laguntzen erreferente bihurtu den sarea indartuz.

Interesdunek ekitaldirako prestatutako formularioaren bidez eman dezakete izena.

PROGRAMA

Guruzu gunea (Plaza)

12:00 – 12:30 | Aldez aurreko kafea

12:30 – 12:45 | Ongietorri instituzionala

12:45 – 13:15 | LIFE BIRTUOSS proiektuaren balantzea

13:15 – 14:00 | ‘Opengelen’ kasu praktikoak Euskadin

14:00 – 14:30 | Itxiera eta aperitiboa

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

Opengelak 176 milioiko inbertsio zuzena mobilizatu du 3 urtean, 4.888 pertsonari lagunduz Euskadiko auzo kalteberak berrituz

Opengelak 176 milioiko inbertsio zuzena mobilizatu du 3 urtean, 4.888 pertsonari lagunduz Euskadiko auzo kalteberak berrituz

    • LIFE22-CET BIRTUOSS proiektuak, Opengela programa garatzen duenak, 2.125 etxebizitzaren eta hiri-ingurunearen berroneratzea bultzatu du. Gaur aurkeztu ditu ondorioak, Alcalá de Henareseko Unibertsitatean egindako azken ekitaldian.
    • Opengela sarea bi bulego pilotu izatetik 25 bulego operatibo izatera pasatu da Euskadiko 28 auzo kalteberatan, eta Europan erreferente den eredu bat finkatu du.
    • Bilboko TorreUrizarreko auzoa ‘living lab’ gisa erabili da denbora horretan, auzotarren parte-hartzearen bidez auzoan konponbideak esperimentatuz.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila buru duen 14 erakunde publiko-pribatuk osatutako partzuergoak garatutako LIFE22-CET-BIRTUOSS proiektu europarrak bere ondorioak aurkeztu ditu gaur, hiru urteko lanaren ondoren. Horrela, arrakastaz amaitu da Opengela programaren sendotze- eta eskalatze-prozesua, Euskadiko hiri-birgaitze eta -berroneratze integraleko prozesuetan herritarrei laguntzen dien hurbileko bulego-sarea.

Ekimen horren bidez, aurreko europar proiektu batekin, HIROSS4all (Horizon 2020 programak finantzatua) izenekoarekin, 2019an hasitako ibilbidea sendotu da. Proiektu horri esker, Opengelako lehen bi bulego pilotuak abian jarri ziren Txontan (Eibar) eta Otxarkoagan (Bilbo), eta auzo-komunitateei laguntza integrala eskaintzeko eredu berritzaile bat balidatu zen. Esperientzia aitzindari hartan oinarrituta, BIRTUOSSek sarearen lurralde-hedapena bultzatu du, Euskadiko 28 auzotan kokatuta dauden 25 bulegoetara arte. Hala, hiri-birgaitzearen eta berroneratze energetikoaren zerbitzura dagoen egitura egonkor bat sendotu da.

Ekimen horren emaitzak eta ikaskuntzak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendari Ana Telleriak proiektuaren azken ekitaldian, Alcalá de Henares Unibertsitateko Arkitektura Eskolan, Green Building Council Espainiak (GBCE) antolatutako Sostenibilidad XL kongresuaren barruan.

Aurreikusitako helburuak gainditzen dituzten emaitzak

Proiektuaren azken datuek adierazten dutenez, ekimenaren hasieran definitutako adierazle estrategiko guztietan aurreikusitakoa baino gehiago bete da. Opengela sarea hazi egin da azken hiru urteotan, eta hurbileko 21 bulego berri ireki ditu, hasieran aurreikusitako hamarren bikoitza baino gehiago. Halaber, sareak egindako jarduerei esker, 2.125 etxebizitza berronetatu egin dira, eta 4.888 pertsona zuzenean izan dira horren onuradun.

Ekonomiaren ikuspegitik, proiektuak 175,96 milioi euroko zuzeneko inbertsioa mobilizatu du, hasieran aurreikusitako 120 milioien gainetik.

Ingurumen-emaitzek agerian uzten dute, halaber, egindako jardueren eragina. Sustatutako esku-hartzeei esker, urtean 25.480 MWh baino gehiagoko energia-aurrezpena lor daiteke, eta urtean 4.924 tona karbono dioxido gutxiago igorriko lirateke.

Era berean, proiektuak 38 enplegu zuzen sortu ditu, ekimenaren barruan garatutako jarduerekin lotuta. Eta auzoetan bero uhartea arintzeko naturan oinarritutako soluzioak landu dira.

TorreUrizar, laborategi bizia eta auzotarren parte-hartzea klabe

Proiektuaren esperimentazio gune nagusia Bilboko Irala auzoan dagoen TorreUrizar ‘living lab’-a izan da. Ricardo Bastidak 1919an eraiki zuen bizitegi-multzo historiko hori, eta 25 ataritan banatutako 264 etxebizitzak osatzen dute. Irisgarritasun orokorrarekin, energia-eraginkortasunarekin, hiri-birnaturalizazioarekin eta energia berriztagarrien integrazioarekin lotutako irtenbide berritzaileak probatzeko balio izan du. Eta, betiere, auzotarren parte-hartze aktiboarekin.

Egindako jarduketek barne hartu dituzte isolamendu termikoa hobetzea, estalkiak eta arotzeriak berritzea, instalazio fotovoltaikoa eta kanpoko espazioen gaineko jarduketak, bero-uhartearen efektua murrizteko eta ingurunearen ingurumen-kalitatea hobetzeko.

Horrela, TorreUrizarren lortutako lehen emaitza konparatiboek birgaitzearen eragin positiboa berresten dute. 26 etxebizitzatan egindako monitorizazioak erakusten duenez, esku-hartzeen ondoren, neguko barneko batez besteko tenperatura 18,8 °C-tik 20,4 °C-ra igo da, eta nabarmen hobetu ditu egoiliarren erosotasun-baldintzak.

Gainera, proiektuaren ikaskuntza nagusietako bat pertsonak errehabilitazio-prozesuen ardatzean jartzearen garrantzia izan da. Opengela ereduak erakutsi duenez, etengabeko komunikazioa, hurbileko laguntza eta konfiantza sortzea faktore erabakigarriak dira bizitegi-inguruneetan jarduera konplexuak bultzatzeko.

TorreUrizarren garatutako esperientziak proiektuaren dimentsio sozial hori islatzen du. Prozesuan zehar 4.789 pertsonari eman zaie arreta, 2.000 informazio-ekintza baino gehiago egin dira atez ate, eta 21 auzo-batzar egin dira. Alderdi horiek indartu egin dute komunitatearen inplikazioa erabakiak hartzeko orduan.

Proiektuan jasotako esperientziak indartu egiten du konponbide teknikoak eta parte-hartze aktiboko estrategiak, kalteberatasunari arreta jartzea eta erakundeen arteko koordinazioa konbinatzeko beharra, hiri-eraldaketako prozesuen arrakasta bermatzeko.

Auzoen zerbitzura dagoen sare sendoa

Proiektu europarrak Opengela eredua lurralde mailan hedatzea bultzatu du leihatila bakarreko sare baten bidez. Leihatila horiek aholkularitza teknikoa, ekonomikoa, administratiboa eta juridikoa eskaintzen dute, eta jabeen komunitateei laguntzen diete lehen kontsultatik hasita obrak amaitu arte.

Bulego horiek, gainera, administrazio publikoen, profesionalen eta gizarte-eragileen arteko koordinazioa errazten dute, prozesu konplexuak sinplifikatuz eta auzo-komunitateei erabakiak hartzen lagunduz.

Ereduaren oinarria da maila anitzeko gobernantza, jakintza-alor anitzeko taldeak eta arreta pertsonalizatua konbinatzea, arreta berezia eskainiz auzo kaltetuei eta birgaitze-prozesuei ekiteko zailtasun handienak dituzten pertsonei.

Europara ailegatzeko helburua duen eredua

Proiektuaren ondorioen arabera, hurbileko bulegoek edo leihatila bakarrek zeregin erabakigarria izan dezakete Europako etxebizitza-parkearen birgaitzea bizkortzeko eta Europar Batasunaren klima- eta energia-helburuak betetzen laguntzeko.

Ikasitako ikasgai nagusien artean, nabarmentzekoak dira maila anitzeko gobernantzaren garrantzia, erakundeen arteko koordinazioa, jakintza-alor anitzeko taldeak izatea, zaurgarritasun-egoerei arreta ematea eta herritarrek prozesu osoan parte hartzea.

Euskadin garatutako esperientziak agerian uzten du, gainera, ez dagoela irtenbide bakar bat lurralde guztietarako. Berroneratze-programen eraginkortasuna auzo bakoitzaren gizarte-, hiri- eta antolaketa-ezaugarrietara egokitzeko duten gaitasunaren araberakoa da, eta, aldi berean, lankidetzarako eta laguntza teknikorako esparru egonkorrak mantentzen dituzte.

Hori dela eta, proiektuan sortutako aholkuen artean, leihatila bakarreko sareak indartzea, horiek ezartzea erraztuko duten esparru arau-emaileak garatzea eta horrelako ereduak estatu- eta Europa-mailan zabaltzeko aukera emango duten finantzaketa-mekanismoak sendotzea daude.

Sostenibilidad XL biltzarrean parte hartuta, emaitza horiek Espainia eta Europa osoko erakundeetako ordezkariekin, profesionalekin eta erakundeekin partekatu ahal izan dira, eta hiri-berroneratze integralaren arloan nazioarteko erreferentziatzat jotzen den eredu bat zabaltzen lagundu da.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

BIRTUOSS-Opengelako azken ekitaldia ekainaren 10ean izango da Alcalá de Henareseko Unibertsitatean

BIRTUOSS-Opengelako azken ekitaldia ekainaren 10ean izango da Alcalá de Henareseko Unibertsitatean

    • Proiektuko zenbait bazkidek birgaitze energetikoan eta hiri-berroneratzean laguntzeko bi saiotan parte hartuko dute. GBCEk antolatutako Sostenibilidad XL kongresuaren barruan kokatzen da jardunaldia.

BIRTUOSS-Opengela proiektuak bere azken ekitaldia ospatuko du datorren ekainaren 10ean Alcalá de Henareseko Unibertsitatean (Madrilen), Green Building Council Espaniak (GBCE) antolatutako Sostenibilidad XL kongresuaren barruan. Hitzordu horretan, birgaitze energetikoaren eta hiri-berroneratzearen inguruan urte hauetan lortutako emaitza eta ikaskuntza nagusiak partekatuko dira, eta sektoreak dituen erronkei eta aukerei buruz eztabaidatuko da.

Testuinguru honetan, Opengelak birgaitze energetikoan eta hiri-berroneratzean laguntzeko bi saiotan parte hartuko du. Lehena, “Nola lagundu auzo ahulei? Hiria berroneratzeko leihatila bakarrak Opengela”, 11:15etan izango da 3. aretoan, eta parte hartuko dute: Ana Telleria, Eusko Jaurlaritzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendaria;  Rufino Hernández, CAVIAR EHUkoa; Juan Antonio Gascón, ACLIMAkoa, eta Alejandro López Parejo, EMVS Getafekoa. Andoni Hidalgok moderatuko du, Gabineteseis-en ordezkari gisa.

Bigarren saioa, «Nola egiten diete aurre agente errehabilitatzaileek eta leihatilek Eraikinak Berritzeko Plan Nazionalaren erronkei?», 12:20an izango da, 3. aretoan. Bertan parte hartuko dute Txari Vallejo, Bilboko Udal Etxebizitzen arkitektoa; Paula Ferrando, GNE Financekoa; Olatz Ugarte, Eusko Jaurlaritzakoa, eta Iván Madrigal, EOS RenovAcción enpresakoa, GBCEko Miguel Segoviaren moderazioarekin.

Bi saioetan, herritarrei birgaitze-prozesuetan laguntzeko esperientziak, ikasketak eta ereduak partekatuko dira, sektoreko beste proiektu eta ekimen garrantzitsu batzuekin batera.

Programa osoa eta kongresurako izen-emateak eskuragarri daude jada GBCEren webgunean.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

Opengelak bere sarea zabaldu du Bilbon, Bergaran eta Hondarribian bulego berriekin

Opengelak bere sarea zabaldu du Bilbon, Bergaran eta Hondarribian bulego berriekin

Mendeluko (Hondarribia) 'opengela'-ren sarrera
    • Zurbaran-Arabellak, Osintxuk eta Mendeluk hurbileko bulegoak izango dituzte, beren auzoen berroneratzea bultzatzeko.
    • Hiri-berroneratzeko euskal sareak aurrera doa, Andonaegiko (Pasaia), Txaramako (Leaburu), Beraungo (Errenteria) eta Aramotzeko (Durango) proiektuak modu arrakastatsuan amaitzen diren bitartean. 

Opengela hurbileko bulego-sareak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila buru duela, Euskadin duen presentzia indartu du, egoitza berriak irekiz Zurbaran-Arabellan (Bilbo), Osintxun (Bergara) eta Mendelun (Hondarribia). Eremu horietan, etxebizitzen eta hirien berroneratzeak paper estrategikoa dute, herritarren bizi-kalitatea hobetuz eta auzo irisgarriagoak eta gizartean egokituagoak lortuz.

Bilbon, ‘opengela’ berriak Uribarriko barrutian kokatutako Zurbaran eta Arabella auzokoei emango die zerbitzua. Bulegoak arreta berezia eskainiko die irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzeko lehentasunezko beharrengatik 1.739 etxebizitza osatzen dituzten 134 eraikini. Hala ere, berroneratzearen kudeaketa 719 eraikinetara eta 12.000 etxebizitza baino gehiagotara zabaltzen da barruti osoan.

Auzo horietan dagoen orografia konplexuak hiriko beste gune batzuekiko lotura oztopatzen du eta eguneroko irisgarritasuna zailtzen du. Hori dela eta, auzo-bulegoa funtsezko tresna da laguntza teknikoa eta administratiboa auzo-komunitateetara hurbiltzeko. Helburua da errehabilitazio-prozesuak erraztea, arreta hurbila, jarraitua eta komunitate bakoitzaren beharretara egokitua eskainiz.

Zurbaran-Arabellako auzoko bulegoa (Bilbo)

Bergarako Osintxuko ‘opengela’ ere martxan da, 12 atari eta 102 etxebizitza berritzeko. Auzo honek gizarte- eta hiri-eraldaketa handia izan du XX. mendeko industrializazioaz geroztik, eta etxebizitza-parke oso anitza eratu du, non eraikin zaharrak eta birgaitze-lan sakonak behar dituzten eraikin zaharkituak baitaude.

Proiektuaren garapena bultzatzeko eta auzoko bizilagunekiko hurbiltasuna indartzeko, Txuringo taberna-jatetxe zaharra jarri da bulegoaren egoitza gisa. Lokal hori auzoko plazaren ondoan dago, eta aukera emango du auzotarren arreta zentralizatzeko eta berroneratze-prozesuari lotutako jarduerak bideratzeko.

Bestalde, Mendelun, Hondarribian, auzoaren hainbat bizitegi-eremutan garatuko da esku-hartzea, askotariko eraikuntza-tipologiak eta auzo-errealitate desberdinak konbinatuz. Jarduerak Mugondo, Planetak, Baserriak, Sauraenea, San Isidro eta Eskapatxulo guneak hartzen ditu, eta horrek aukera ematen du inguruko etxebizitza-parkean modu integralean lan egiteko. Bulegoa Mendelu Enea gunean kokatuta dago, eta herritarrei arreta hurbila eta jarraitua eskaintzen die. Hala, auzo-komunitateei laguntzen die zaharberritze-prozesuetan, irisgarritasuna hobetuz eta etxebizitzen energia-eraginkortasuna sustatuz.

Bulegoen itxiera errehabilitazio- eta berroneratze-prozesuak amaitu ondoren

Irekiera berri horiekin batera, bulego batzuek beren jarduera amaitu berri dute, sortu zirenean zituzten errehabilitazio- eta hiri-berroneratzep roiektuak osatu ondoren.

Andonaegi (Pasaia), Txarama (Leaburu), Beraun (Errenteria) eta Aramotz (Durango) bulegoen kasua da hori, auzo-komunitateei laguntzeko prozesuak amaitu eta eremu horietako bakoitzean aurreikusitako jarduerak arrakastaz gauzatu ondoren itxi baitira.

Itxiera horiek Opengela ereduaren aldi baterako eta hurbileko izaeraren erakusgarri dira. Eredu hori hiri-berroneratzeko proiektuen garapenean auzo bakoitzaren behar zehatzei erantzuteko sortu zen, hasierako informazio- eta aktibazio faseak landuz, obrak eginez eta berronertaze-prozesuak amaituz.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

Otxarkoagako Opengela programako 84 etxebizitzek azalera handitu dute terrazekin

Otxarkoagako Opengela programako 84 etxebizitzek azalera handitu dute terrazekin

  • Txotena (hiru atari) eta Irumineta (lau atari) kaleetako etxebizitzek 12 m²-ko terrazak dituzte, eta, hala, % 30 handitzen dute espazio erabilgarria.

Bilboko Otxarkoaga auzoko 84 etxebizitza terraza berriekin handitu dituzte, Opengela hiri-berroneratze programaren barruan. Esku-hartzea Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak garatu du, eta dimentsio txikiko pisuen bizigarritasuna hobetzea du helburu, birgaitze-irtenbide berritzaileen bidez.

Kaltetutako eraikinak Txotena (hiru atari) eta Irumineta (lau atari) kaleetan daude. Terraza berriek 12 metro karratu inguru dituzte, eta etxebizitza bakoitzaren espazio erabilgarria %30 inguru handitzen dute. Jarduera hau Opengelako Orain Otxar berroneratze-proiektuan sartzen da.

Europar Batasunak finantzatu du proiektua, Next Generation EU funtsen bidez, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Bilboko Udalaren ekarpenak ere jaso ditu.

Jarduera honek Opengelako estrategia indartzen du, Euskadiko auzo ahuletan energia-eraginkortasuna, irisgarritasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

Europako Batzordeak Opengela nabarmendu du birgaitze energetikoan dauden etxeentzako aholkularitzaren adibide gisa

Europako Batzordeak Opengela nabarmendu du birgaitze energetikoan dauden etxeentzako aholkularitzaren adibide gisa

  • C/2025/6438 komunikazioan sartu da, auzoei eta etxebizitzei laguntza integrala emateko ereduagatik.

Europako Batzordearen C/2025/6438 Komunikazioak, joan den abenduan argitaratuak, orientabideak ematen dizkie estatu kideei eraikinen energia-eraginkortasunari buruzko Europako zuzentaraua (EPBD) nola aplikatu eta etxebizitza-parkearen eraginkortasuna nola hobetu jakiteko. Esparru horretan, Opengela proiektua aipatzen da praktika inspiratzailearen adibide gisa. Hala, honako hau aipatzen du: “Euskadiko Opengela proiektu pilotuak aholkularitza eta laguntza eskaintzen die auzoei energiarekin zerikusia duten gaien alderdi administratibo, tekniko eta finantzarioei buruz, baina baita beste gai egoki batzuei buruz ere, hala nola desgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasunari buruz”.

Leihatila bakarreko zerbitzuaz gain, dokumentuak adierazten du Opengelak «Euskal Autonomia Erkidegoko eraikin guztien mapa energetiko baten lineako tresna bat» garatu duela, eta tresna horrek «berrikuntza-planak egiten laguntzeko esparru integratu bat» eskaintzen duela, «maila askotako inplikazio finantzarioen estimazioekin osatua: nazionala, eskualdekoa, auzokoa eta etxebizitza indibidualekoa». Tresna horrek aukera ematen du, halaber, «beharrak detektatzeko, eraginkortasun gutxien duten eraikinak identifikatzea barne», eta abiapuntu gisa balio du eraikin bakoitzak bere energia-berrikuntzako beharrak zehazteko.

Europako Batzordeak etxeetako aholkularitza-praktikei buruzko atal batean sartu du esperientzia hori, eta Opengela eredu inspiratzailea dela aitortu du Europako beste eskualde batzuentzat, eraikinen berrikuntza energetikoa bizkortzea baitute helburu.

Dokumentu osoa hemen.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

Bideoa | Torreurizar aurrera doa: lehiatila bakar baten indarra auzokoentzako

Bideoa | Torreurizar aurrera doa: lehiatila bakar baten indarra auzokoentzako

2023ko irailaz geroztik, BIRTUOSS proiektu europarrak Opengela eredua garatzen du, aurreko proiektu batean sortua (HIROSS4all, Horizon 2020 programak finantzatua) eta gizarte, ekonomia eta ingurumen alderdietan sakontzen duena. Gainera, eraikinen birgaitzea auzo bakoitzaren hiri-berroneratzera bideratzeko formulak aztertzen ditu.

Izan ere, azken urteotan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila buru duen eredu hori hazi egin da, Euskadiko 21 udalerritako 25 auzotan ezarri arte, eta 2.800 etxebizitza hobetzeko aukera ematen ari da. Eta, bulego-sarea autonomia-erkidego osoko udalerrietara zabaltzen ari den aldi berean, BIRTUOSSek living lab bat garatu du TorreUrizarren, Bilbon, saiakuntza-banku gisa erabili baita Europako proiektu horren aurrerapenak esperimentatzeko.

Gonzalo Loza kazetariak gidatutako bideo berri honek erakusten du obrak auzoan eta etxebizitzetan izan duten bilakaera, baita auzotarrentzako leihatila bakarraren balioa ere. Era berean, TorreUrizarreko bizilagun baten, Marina Hornazabal auzo horretako opengelaren arduradunaren, Yolanda Diez Bilboko Udaleko Etxebizitza zinegotziaren eta Ana Telleria Eusko Jaurlaritzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendariaren testigantzak jasotzen ditu.

Eusko Jaurlaritzarekin batera, partzuergo publiko-pribatu batek bultzatzen du Europako proiektua. Partzuergo hori honako hauek osatzen dute: Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Bilboko Udal Etxebizitzak (VVMM), Ingurumeneko klusterrak (Aclima), Eraikuntzakoak (Build:Inn) eta Ezagutza eta Teknologiakoak (GAIA), Euskal Herriko Unibertsitateko CAVIAR ikerketa-taldea (EHU), EDE Fundazioa, Ciclica kooperatiba (karbonogabetze estrategietan espezialista), finantzaketan (GNE Finance), komunikazioan (Gabineteseis) eta Europako gaietan (Zabala Innovation) adituak diren enpresek, eta halaber, Europako bi erakunde, Fedarene (Energia eta Ingurumenerako Agentzien eta Eskualdeen Europako Federazioa) eta Espainiako Eraikuntza Jasangarrirako Kontseilua (GBCe).

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

BIRTUOSS-Opengela Europako Batzordeak leihatila bakarraren Europako eredutzat hartzen du

BIRTUOSS-Opengela Europako Batzordeak leihatila bakarraren Europako eredutzat hartzen du

Albiste bikaina Opengelarentzat!

Gure proiektua Europako Batzordearen «Giving LIFE to Europe ‘s clean energy transition» argitalpenean agertzen da, eta «One-Stop Shops for Building Renovation» atalean nabarmentzen diren hiru adibideetako bat da.

Dokumentua European Energy Efficiency Financing Coalition erakundearen 2. mahai-inguruan kaleratu zen, Dan Jørgensen komisarioak aurkeztuta.

Harro egoteko modukoa da ikustea gure lanak nola laguntzen duen Europako energia-trantsizio garbian!

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

Opengela komunikabideetan berriki

Opengela komunikabideetan berriki

Opengela protagonista izan da hainbat hedabidetan azken asteotan. Hona hemen laburpen bat:

‘La Ventana Euskadi’-k (Cadena SER Euskadi) Opengelari buruzko erreportaje zabala eman berri du. Bertan izan dira Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua, Otxar Opengela eta Debegesako ordezkariak eta TorreUrizarreko bizilagun bat. Osorik entzun dezakezu hemen.

Idatzizko hedabideetan, alde batetik, El País egunkariak artikulu luze bat argitaratu du BIRTUOSS-Opengela programaren funtzionamenduari buruz. Bestalde, Deia-k albiste bat argitaratu du TorreUrizarren berroneratzea uda hasieran amaituko dela iragartzeko.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

Gertutasuna, berrikuntza eta auzoa: Opengelak bere eredua partekatu du Hiria Birgaitzeko, Berroneratzeko eta Berritzeko Urteko Jardunaldietan

Gertutasuna, berrikuntza eta auzoa: Opengelak bere eredua partekatu du Hiria Birgaitzeko, Berroneratzeko eta Berritzeko Urteko Jardunaldietan

Abenduaren 12an, ostirala, AVSk eta AVS Euskadik antolatutako Hiria Birgaitzeko, Berroneratzeko eta Berritzeko Urteko Jardunaldien barruan, ‘Hiri-birgaitze eta -berroneratzearen eremuko berrikuntza-proiektuak’ mahai-ingurua gauzatu zen. Bertan parte hartu zuten Ana Telleriak, Eusko Jaurlaritzako Auzoak Biziberritzeko eta Hiri Agendako zuzendaria eta BIRTUOSS (Opengelaren parte) proiektu europarraren liderrak, eta Miguel Segoviak, GBCEko (Green Building Council Espainia) Politiken koordinatzailea eta proiektuko bazkideak.

Telleriak nabarmendu zuenez, Opengela programaren ardatz nagusia auzo-bulegoak dira, hurbileko espazio gisa sortuak, non laguntza eskaintzen baitzaie herritarrei beren eraikinen eta inguruen birgaitzeari buruzko erabakiak hartzeko. Hiri-kalteberatasunaren inbentarioaren garrantzia azpimarratu zuen; are protagonismo handiagoa izango du, hurrengo diru-laguntzen programen oinarri bihurtuko baita. Telleriak azpimarratu zuen maila anitzeko gobernantza funtsezkoa dela egungo erronkei aurre egiteko, tokiko administrazioen, autonomikoen, estatalen eta europarren arteko lankidetzan oinarritua, baita konfiantzan, diagnostiko zabal batean eta politika publikoak auzoetara hurbilduko dituen ikuspegi ez-instituzionalean ere.

Galderen txandan, Telleriak errehabilitazioko tresna guztiak sistema koherente bakar batean integratzeko erronkan jarri zuen arreta, leihatila bakarrak herritarrentzat erreferentzia argi bezala jarduteko. Askotariko informazioa eskainiko duen espazioa, baina mezu ulergarri eta lerrokatuarekin, erabaki informatuak hartzea erraztuz eta auzotar eta auzo-kontzientzia indartuz, sentsibilizatzeko, konfiantza sortzeko eta beldurrak murrizteko funtsezkoa.

Bestalde, Miguel Segoviak nabarmendu zuen GBCEk eraikuntza-sektorea eraldatzeko laguntzaile gisa duen zeregina, eta eraikinen jasangarritasuna ebaluatzeko tresnak garatzen, irtenbide teknikoak sortzen eta hitzaldi, konferentzia eta ikastaroen bidez dibulgatzen egiten duen lana nabarmendu zuen. Halaber, EU Peers komunitatea bezalako ekimenen garrantzia nabarmendu zuen, birgaitze-prozesuko eragileak integratzera eta laguntzera bideratuta dagoena, Espainian 75 erakunde baino gehiagorekin eta Europan 400 baino gehiagorekin. Proiektu horretan, GBCEk modu aktiboan laguntzen du birgaitze-agentea zehazten, birgaitze-bulegoak bultzatzen eta politika publikoetan eta arau-esparruetan eragiten, eta Estatuan eta Europan gero eta sendoagoa den sektore baten oinarriak ezartzen ditu.

Segoviak sektorearen erronka handienetako bat ere jorratu zuen: nola sentsibilizatu herritarrak birgaitzearen inguruan. Narratibetan ahalegin koordinatua egin behar dela adierazi zuen, pertsonentzat funtsezkoak diren gaiekin lotuz, hala nola erosotasunarekin, osasunarekin, bizi-kalitatearekin, segurtasunarekin edo autonomiarekin, klima-aldaketaren aurreko erresilientzia ahaztu gabe. “Benetako komunikazio-kanpainak behar ditugu, mezu koherenteekin eta sektore osoak partekatuta”, adierazi zuen.

Mahaiak agerian utzi zuen hiri-birgaitzearen berrikuntza ez dagoela soilik irtenbide teknikoen mende, baizik eta gobernatzeko, komunikatzeko eta herritarrei laguntzeko modu berrien eraginpean ere bai, horiek baitira Opengela bezalako proiektuen funtsezko oinarria.

Jardunaldietan, BIRTUOSSeko beste bazkide batzuek ere parte hartu zuten, hala nola Cíclicak (Ander Bilbaoren bitartez). Programan, Gasteizko Zaramaga auzora egindako bisita bat ere gehitu zen; izan ere, Opengela programako hurbileko bulego batek dinamizatzen ditu hiria berroneratzeko lanak, eta Txari Vallejo Bilboko Udal Etxebizitzen arkitektoa ere bertan izan zen.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

OPENGELA

Harpidetza zuzena

Logo