• Maiatzaren 24an, ostirala, Bizkaia Plaza eraikinean Europako proiektuaren bazkide diren zenbait erakundek hartuko dute parte, hala nola Eusko Jaurlaritzak, Build Inn, Aclima eta Gaia klusterrek, EEEk, Bilboko Udal Etxebizitzak eta Cíclicak.

Ba al dago berrikuntzarako eta irtenbide berriak bilatzeko tarterik hiri-berroneratzearen esparruan? Ostiral honetan, hilak 24, Bizkaia Plaza eraikinean, Opengelak, hiria berroneratzearen euskal ereduak, eraikuntza, ingurumena eta digitalizazioa bezalako sektoreetako enpresak deitu ditu erronka hori planteatzera.

Egun horretan workshop bat egingo da, hiria berroneratzeko prozesu integraletan inplementatzeko irtenbide berritzaileak eta bideragarriak identifikatzeko helburuarekin. Irtenbide horiek hainbat eremutatik irits daitezke. Horregatik, jardunaldian sektore desberdinetako eragileak izango dira. Horiek guztiek LIFE programak finantzatutako eta Euskadin 2019an hasitako Opengela eredua zabaltzen eta hobetzen ari den Europako BIRTUOSS proiektuan bazkide gisa parte hartzen dute.

Jardunaldiak Administrazioaren ikuspegia erakutsiko du, Ignacio de la Puerta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendariaren bitartez. Berak emango dio hasiera mintegiari, 11:00etan, BIRTUOSS-Opengelaren esparrua kokatzeko.

Bere hitzaldiaren ondoren, TorreUrizar Bilboko auzoaren kasua ezagutuko da, berrikuntza horietarako ‘living lab’ edo proba banku gisa erabiltzen ari dena. Bertan ‘opengela’ izeneko hurbileko bulego bat duen Bilboko Udal Etxebizitzak (VVMM), proiektuaren egungo egoera azalduko du.

Horrez gain, Cíclicako arduradunek Euskadin eraikitako parkearen karakterizazioan eta arkitektura, komunitatea eta ingurumena bezalako hiru elementuren integrazioan egindako lanaren berri emango dute. Gainera, Eraikinetako Eraginkortasun Energetikoari buruzko Europako Zuzentarauaren (EPBD, ingelesezko sigletan) berrikuspenaren transposizioa egiteko garatu diren tresnak ere azalduko dituzte. Tresna horrek industria-sektorearekin, Eraikinaren Pasaportearekin eta Eraikinaren Erregistro Digitalarekin interakzioa ahalbidetzen duten ibilbide-orriak definitzen laguntzen du.

Opengelako bazkideek euskal enpresei planteatuko dizkieten erronkak energia-eraginkortasunean, irtenbide industrializatuetan, naturan oinarritutako soluzioetan eta IKTen integrazioan oinarritzen dira batez ere.

Horretarako, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) ordezkariek eta hiru klusterrek parte hartuko dute: Build Inn (lehen Eraikune), Aclima eta Gaia. Horiek guztiak Europako proiektuaren parte dira.

Esku-hartze horien ondoren, bertaratutako enpresekin kontrastatuko da, planteatutako erronketarako irtenbide posibleak baliozkotzeko. Besteak beste, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: bideragarritasun ekonomikoa, zailtasun teknikoa, hurbileko merkatu baten eskuragarritasuna edo birgaitze-prozesuetan egiazko ezarpena. Konponbideak bateratu ondoren, jardunaldiaren ondorioekin amaituko da.

Hitzordua 11:00etatik 14:00etara izango da eta kluster horietako kide diren enpresei zuzenduta dago bereziki. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

OPENGELA

Harpidetza zuzena

Logo