Opengelak LIFE programaren laguntza jaso du, auzoen birsorkuntzan alderdi sozialak, ekonomikoak eta ingurumenekoak integratzeko

Bazkide diren 14 entitateen ordezkariak proiektua abiarazteko bileran.

  • Europako proiektu berriak hiru urteko iraupena izango du, eta Euskadin ezarritako eredua jarraituko du, zaharberritutako auzoetan hurbileko bulegoak ezarriz.
  • Opengela eredua 2019an hasi zen bi esperientzia pilotuekin Otxarkoagan (Bilbo) eta Txontan (Eibar), eta hogei euskal auzotara zabaltzen ari da.
  • Proiektuak -1,5 milioi euroekin finantzatuta- Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Saila buru duten erakunde publiko eta pribatuetako, fundazioetako, klusteretako eta Europako organismoetako 14 bazkideren esperientzia biltzen du.
  • Bilboko Torreurizar auzunea proba-gunea izango da proiektuaren aurrerapenak aztertzeko.

Euskadik Opengela eredua jarri zuen martxan 2019an, hiriak biziberritzeko helburuarekin, auzoetan hurbileko bulegoak ezarriz. Ekimenak izan duen arrakastaren ondorioz, proiektu berri baterako finantziazioa eman du Europako Batzordeak LIFE programaren bidez. Proiektua datozen hiru urteetan gauzatuko da eta BIRTUOSS deituko da. Hiria birsortzeko prozesuari jarraipena emateko balioko du, eta, orain, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-alderdien integrazioarekin indartuko da.

Opengela 2019an sortu zen, Horizon 2020 Europako esparru-programaren bidez diruztatutako proiektu gisa. Ia lau urtez, auzo-bulegoen sare batek osatutako kudeaketa-eredua garatu da. Bertan, auzotarrei laguntzen diete eraikinak zaharberritzen, eta, gai teknikoetan eta finantzarioetan aditua den aholkularitzaz gain, jarduera horiek dakarten prozesu luzean beharrezkoak diren hurbiltasuna eta konfiantza ematen dute. Otxarkoaga (Bilbo) eta Txonta (Eibar) auzoetako ereduetatik abiatu zen proiektua, eta une honetan eredua Euskadiko hogei auzoetara zabaltzen ari da.

“Opengelaren lehenengo proiektuaren arrakasta eta beste udalerri batzuetan errepikatzea funtsezkoa izan da Europako Batzordeak hiri-birsorkuntzako euskal ereduan duen konfiantza berritzeko” adierazi du Ignacio de la Puertak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendaren zuzendariak eta BIRTUOSS proiektuaren koordinatzaileak. “Orain hasiko den proiektu honetan, hurbileko bulegoen bidez Euskadiko auzo guztietara zabaldu daitekeen kudeaketa-ereduan oinarrituko gara berriro. Baina ikuspegi sistemikoagoa eskainiko dugu, formula berritzaileak abian jarriz, eraikinetako esku-hartzeaz gain, beste jokaera batzuk gehitu daitezen auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko xedearekin”.

Proiektuak hiri-birsorkuntzaren ikuspegi integrala eskaintzen du, eta Euskadi osorako kudeaketa-sisteman oinarrituta dago. Bost alderdi nagusi ditu: auzo-eskalako deskarbonizazioa (ez bakarrik eraikin bakoitzarena); hiri-ingurunean naturan oinarritutako soluzioak ezartzea; esku hartzeko ereduen hedapenaren lurralde-ikuspegia, administrazio publikoen lidergoa izanik eta sektore pribatuarekin lankidetzan; eta hurbileko bulegoen eredua finkatzea eta formula eskuragarriak aplikatzean oinarritua.

14 bazkide Europako proiektuan

Azken batean, hirien bizitzan alderdi soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa hobetzea da helburua. Eta hori lortzeko, BIRTUOSSen 14 kideek hartuko dute parte, erakunde eremuko, zein sektore pribatuko, fundazioetako, klusterretako eta Europako erakundeetako ordezkariek.

Partzuergoaren buru Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritza da. Honako hauek dira horren parte: Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Bilboko Udal Etxebizitzak (VVMM), Ingurumen (Aclima), Eraikuntza (Eraikune) eta Ezagutza eta Teknologia (GAIA) klusterrak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) CAVIAR ikerketa-taldea, EDE Fundazioa, Ciclica kooperatiba (deskarbonizazio-estrategietan aditua), finantzaketan (GNE Finance), komunikazioan (Gabineteseis) eta Europako gaietan (Zabala Innovation) adituak diren enpresak, Europa mailako bi erakunde, hala nola Fedarene (Energia eta Ingurumenerako Agentzien eta Eskualdeen Europako Federazioa) eta Espainiako Green Building Council (GBCe).

Eredu proba Torreurizarren (Bilbo)

Bilboko Torreurizar auzoan izango da probalekua. Han instalatutako hurbileko bulegoak hainbat formula erabiliko ditu gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-arloetan, auzotarrekin batera sortzeko ikuspegiarekin. Horrela, etorkizunean Euskadiko beste hiri batzuetan ez ezik, Espainian eta Europan ere aplikatu eta eskalatu ahal izateko helburuarekin.

Torreurizarrek, Bilboko Irala auzoak, 25 atari eta 264 etxebizitza ditu, eta bere birgaitze-prozesua hasi da. Auzotarren zalantzak erantzuteko hurbiltasun bulegoa ere martxan jarri da.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

OPENGELA

Harpidetza zuzena

Logo