Amaitu da LIFE BIRTUOSS proiektua, 3 urtez Opengela eredua finkatu duena. Proiektu horren bidez, 28 auzo berroneratu dira Euskadin

Euskadiko 'opengela' ezberdinetako ordezkariak
    • Hurbiltasun-bulegoak dira proiektuaren ardatza: orain arte, 25 bulego ezarri dira auzo kalteberetan 4.888 pertsonari arreta emateko. Gaur bildu dira bertako arduradunak Opengela Egunean.
    • Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 14 erakunde publiko-pribatuk osatutako partzuergoa burutu du. Denis Itxaso sailburuak 800.000 euroko laguntza berriak iragarri ditu Opengela eredua zabaltzeko eta Euskadiko hiri-berroneratzea indartzeko.
    • Opengela sarea sendotu egin da Europan erreferente bihurtu arte. Hiru urtean, bi bulego pilotu izatetik 25 bulego izatera pasatu da, eta ia 176 milioi euroko zuzeneko inbertsioa bideratu da.
    • Bilboko TorreUrizaretxebizitza-gunea ‘living lab’ gisa erabili da, auzokideen parte-hartzearen bidez auzoan soluzioak probatuz.

Euskadiko 28 auzo kalteberetan 25 hurbiltasun-bulego ezarri dira. Bulego horiek 175,96 milioi euroko zuzeneko inbertsioa bideratu dute, eta 4.888 pertsonari arreta eman zaio. Hori da Opengela ereduaren azken hiru urteetako balantzea.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak zuzendutako programa hau finkatu egin da eta Europako beste eskualde batzuetan gauzatzeko prest dago. Hori lortzeko, Europako Batzordeak LIFE programaren bidez finantzatutako BIRTUOSS proiektuan oinarritu da, eta 14 erakunde publiko-pribatuk osatutako partzuergo batek garatu du. Gaur antolatu du bere azken ekitaldietako bat: Opengela Eguna, lehen aldiz euskal gertuko bulegoak kudeatzeko ardura duten pertsonak bildu dituena, ‘opengelak’ ere deituak.

Bulego-sare horrek Euskadiko hiri-birgaitze eta -berroneratze integraleko prozesuetan laguntzen du. Hiru urtetan hazkunde esponentziala izan du: Txonta (Eibar) eta Otxarkoaga (Bilbo) auzoetako bi esperientzia pilotu haietatik 25 izatera igaro da, eta etorkizunean handitzen jarraitzeko aukera dago.

Proiektuari esker, modeloa finkatu ahal izan da. Ibilbidea 2019an hasi zen, HIROSS4all izeneko aurreko europar proiektu batekin (Horizon 2020 programak finantzatua). Orain, bizilagun-komunitateei laguntza integrala emateko ekimen berritzailea da.

Ekimen honen emaitzak eta ezagutzak partekatu egin dira gaur, Bilboko Guruzu gunean, EDE Fundazioaren egoitzan, egindako ekitaldian.

Denis Itxaso sailburuak azpimarratu duenez, Opengela euskal ereduak “erakutsi du hurbiltasuna dela gure auzoak eraldatzeko tresnarik onena. Gaur esan dezakegu eredu horrek Euskadiko 21 udalerritako 24 auzotan 2.800 etxebizitza baino gehiago birgaitzea eta hiri-berroneratze prozesuetan laguntzea ahalbidetu duela, milaka pertsonaren bizi-kalitatea hobetuz”.

Halaber, Itxasok bere parte-hartzea aprobetxatu du iragartzeko Eusko Jaurlaritzak 800.000 euroko bi laguntza-agindu berri izapidetuko dituela Opengela eredua hedatzeko eta Euskadin hiri-berroneratzea indartzeko. Helburua, azaldu duenez, “Tokiko Hiri Agendak bultzatzea da, udalek plangintza estrategikorako tresna propioak izan ditzaten, beren errealitatera egokituak, beren hiri-erronkak identifikatzeko, lehentasunak zehazteko eta epe ertain eta luzerako ekintza-planak antolatzeko aukera emango dietenak”.

Ekitaldian zehar, zenbait kasu praktiko ezagutarazi dira, hala nola, Bilboko Udal Etxebizitzak, Otxarkoaga, TorreUrizar eta Unceta parrokoaren ‘opengelak’ kudeatzen dituena (Santutxu auzoan); gainera, Debegesaren kudeaketa aurkeztu da, Debabarreneko garapen-elkartea, Txonta (Eibar), Olasaluze (Elgoibar) eta Aranezoze (Soraluze) bezalako bulegoak martxan jarri dituena, baita Durangoko Aramotz auzoko proiektua ere.

Atxikitze-tasa handia

Proiektuaren azken datuek adierazten dutenez, ekimenaren hasieran definitutako adierazle estrategiko guztietan aurreikusitakoa baino gehiago bete da. Opengela Egunean ezagutarazi dira datu nagusiak, Opengela sarearen bulego-kopurua bikoitza baino gehiago hazi da hiru urte hauetan, 28 auzo izateraino.

Halaber, sareak egindako jarduerei esker, 2.125 etxebizitza berroneratu dira, eta 4.888 pertsona zuzenean artatu dira. Auzotarren erantzuna positiboa izan da, %84ko atxikimendu tasa erregistratu baita. Hau da, helburuko 10 etxebizitzatik 8 baino gehiago berroneratu ahal izan dira.

Ekonomiaren aldetik, proiektuak 175,96 milioi euroko zuzeneko inbertsioa mobilizatu du, hasieran aurreikusitako 120 milioien gainetik. Horietatik 155,68 milioi funts publikoei dagozkie eta 20,30 milioi pribatuei, betiere kontuan hartuta auzotarrak auzo kalteberetan bizi direla.

Ingurumen-emaitzek agerian uzten dute, halaber, egindako jardueren eragina. Sustatutako esku-hartzeei esker, urtean 25.480 MWh baino gehiagoko energia-aurrezpena lor daiteke, eta urtean 4.924 tona COlog-eko emisio gutxiago egin daitezke.

Era berean, proiektuak 38 enplegu zuzen sortu ditu, ekimenaren barruan garatutako jarduerekin lotuta. Eta auzoetan bero uhartea arintzeko naturan oinarritutako soluzioak landu dira.

Pilotoa TorreUrizarren, auzokideen parte-hartzearekin

Proiektuaren saiakuntza-gune nagusia Bilboko Irala auzoan dagoen TorreUrizarren ‘living lab’ izan da. Ricardo Bastidak 1919an eraiki zuen etxebizitza-gune historiko hori, eta 25 ataritan banatutako 264 etxebizitzak osatzen dute. Irisgarritasun unibertsalarekin, energia-eraginkortasunarekin, hiri-birnaturalizazioarekin eta energia berriztagarrien integrazioarekin lotutako irtenbide berritzaileak testatzeko balio izan du. Eta, betiere, auzotarren parte-hartze aktiboarekin.

Egindako jardueren artean isolamendu termikoa hobetzea, estalkiak eta arotzeriak berritzea, instalazio fotovoltaikoa ezartzea eta kanpoko espazioetan jardutea, bero-uhartearen efektua murrizteko eta ingurunearen ingurumen-kalitatea hobetzeko.

Horrela, TorreUrizarren lortutako lehenengo emaitzek berroneratzearen inpaktu positiboa berresten dute. 26 etxebizitzatan egindako monitorizazioak adierazten duenez, esku-hartzeen ondoren, neguko batez besteko barne-tenperatura 18,8 ºC-tik 20,4 ºC-ra igo da, eta nabarmen hobetu ditu bertakoen erostasun-baldintzak.

Gainera, proiektuaren ezagutza nagusietako bat pertsonak errehabilitazio-prozesuen ardatzean jartzearen garrantzia izan da. Opengela ereduak erakutsi duenez, etengabeko komunikazioa, hurbileko laguntza eta konfiantza sortzea faktore erabakigarriak dira etxebizitzetan jarduera konplexuak bultzatzeko.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

OPENGELA

Harpidetza zuzena

Logo