Sestaoko Vista Alegre auzo historikoak bere eraldaketaren azken fasean dago, hiria berroneratzeko proiektua 2025eko urrian amaituko baita. Ekimena Eusko Jaurlaritzak gidatzen du, Sestaoko Udalarekin eta auzo-komunitateekin elkarlanean, auzoan bertan ezarritako Opengela Hurbiltasun Bulegoaren laguntza tekniko eta sozialarekin.
Esku-hartzearen helburua Vista Alegre auzunea birgaitzea da. 1914an eraikitako etxadi itxia da, 11 atarik eta 93 etxebizitzek osatua, eta egiturazko, energiako eta hiriko eraldaketa sakona izaten ari da. Proiektuak AVS 2024 saria jaso zuen, Estatuko biziberritze integratuko ekimen onenarena, bizigarritasunean, irisgarritasunean, eraginkortasun energetikoan eta inplikazio komunitarioan izan duen ekarpenagatik.
Guztira, 5.276.975 euroko inbertsioa egin da, lankidetza-eredu baten bidez finantzatuta. Eusko Jaurlaritzak 4.403.178 euro jarri ditu; horietatik 4.235.743 Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planetik datoz, eta 167.435 euro funts osagarrietatik. Sestaoko Udalak 682.305 euroko ekarpena egin du, eta jabeek 191.491 euroko inbertsioa egin dute.
Dimentsio anitzeko esku-hartzea
Proiektuak hainbat jarduera-ildo integratu konbinatzen ditu, eta, horri esker, esku-hartze hori erreferente da hiri-berroneratze jasangarrian. Eraikinak sakon birgaitzen ari dira, eta inguratzaile termikoa hobetzen ari dira, fatxadak, etxabeak eta estalkiak isolatuz; arotzeria eta beira berriak instalatzen ari dira, bai eta energia termikoa eta elektrikoa sortzeko sistemak ere, aerotermiaren eta eguzki-plaken bidez. Gainera, sentsoreak jarri dira barruko airearen kalitatea kontrolatzeko, eta suteen aurkako babes-sistemak.
Hiri-ingurunea ere berritzen ari da, naturan oinarritutako irizpideekin. Urbanizazio obrek Resurrección María de Azkue, Antonio Machado, Los Baños eta Amador Palma kaleak hartzen dituzte, eta zerbitzu, zoladura, argiztapen eta hiri-altzari berriak hartuko dituzte.
Energiaren alorrean, Edinorrekin eta Piztu Sestaorekin batera tokiko energia-komunitate bat sortzea bultzatzen ari dira. Horri esker, auzoko 25-50 eragilek (etxebizitzak, saltokiak eta ekipamendu publikoak) autokontsumo partekatuaren onurak jasoko dituzte.
Auzoaren digitalizazioa da proiektuaren beste ardatzetako bat. WiFi sare publiko bat, ADSL azpiegitura komunitarioa eta energia eta ingurumena kudeatzeko sistema adimendunak instalatzea aurreikusi da. Era berean, oroimen historikoaren elementuak txertatuko dira, 1937an jasandako bonbardaketaren aitortza gisa. Horrek identitate-balio bat ematen du, birsortutako ingurunearen dimentsio soziala eta kulturala indartzen duena.
Prozesu hori guztia auzoan bertan dagoen Opengela Hurbiltasun Bulegoaren laguntzarekin gauzatu da. Bulego tekniko honek auzo-komunitateen eta erakundeen arteko lotura gisa balio du, eta izapideak, aholkularitza, zalantza teknikoak argitzea eta erabakiak hartzea errazten ditu. Bere zeregina funtsezkoa izan da herritarrak proiektuan inplikatzeko, eta Estatu mailan bere balio komunitarioagatik aitortua izan da.