Opengela hurbileko bulego-sareak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila buru duela, Euskadin duen presentzia indartu du, egoitza berriak irekiz Zurbaran-Arabellan (Bilbo), Osintxun (Bergara) eta Mendelun (Hondarribia). Eremu horietan, etxebizitzen eta hirien berroneratzeak paper estrategikoa dute, herritarren bizi-kalitatea hobetuz eta auzo irisgarriagoak eta gizartean egokituagoak lortuz.
Bilbon, ‘opengela’ berriak Uribarriko barrutian kokatutako Zurbaran eta Arabella auzokoei emango die zerbitzua. Bulegoak arreta berezia eskainiko die irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzeko lehentasunezko beharrengatik 1.739 etxebizitza osatzen dituzten 134 eraikini. Hala ere, berroneratzearen kudeaketa 719 eraikinetara eta 12.000 etxebizitza baino gehiagotara zabaltzen da barruti osoan.
Auzo horietan dagoen orografia konplexuak hiriko beste gune batzuekiko lotura oztopatzen du eta eguneroko irisgarritasuna zailtzen du. Hori dela eta, auzo-bulegoa funtsezko tresna da laguntza teknikoa eta administratiboa auzo-komunitateetara hurbiltzeko. Helburua da errehabilitazio-prozesuak erraztea, arreta hurbila, jarraitua eta komunitate bakoitzaren beharretara egokitua eskainiz.

Bergarako Osintxuko ‘opengela’ ere martxan da, 12 atari eta 102 etxebizitza berritzeko. Auzo honek gizarte- eta hiri-eraldaketa handia izan du XX. mendeko industrializazioaz geroztik, eta etxebizitza-parke oso anitza eratu du, non eraikin zaharrak eta birgaitze-lan sakonak behar dituzten eraikin zaharkituak baitaude.
Proiektuaren garapena bultzatzeko eta auzoko bizilagunekiko hurbiltasuna indartzeko, Txuringo taberna-jatetxe zaharra jarri da bulegoaren egoitza gisa. Lokal hori auzoko plazaren ondoan dago, eta aukera emango du auzotarren arreta zentralizatzeko eta berroneratze-prozesuari lotutako jarduerak bideratzeko.
Bestalde, Mendelun, Hondarribian, auzoaren hainbat bizitegi-eremutan garatuko da esku-hartzea, askotariko eraikuntza-tipologiak eta auzo-errealitate desberdinak konbinatuz. Jarduerak Mugondo, Planetak, Baserriak, Sauraenea, San Isidro eta Eskapatxulo guneak hartzen ditu, eta horrek aukera ematen du inguruko etxebizitza-parkean modu integralean lan egiteko. Bulegoa Mendelu Enea gunean kokatuta dago, eta herritarrei arreta hurbila eta jarraitua eskaintzen die. Hala, auzo-komunitateei laguntzen die zaharberritze-prozesuetan, irisgarritasuna hobetuz eta etxebizitzen energia-eraginkortasuna sustatuz.

Bulegoen itxiera errehabilitazio- eta berroneratze-prozesuak amaitu ondoren
Irekiera berri horiekin batera, bulego batzuek beren jarduera amaitu berri dute, sortu zirenean zituzten errehabilitazio- eta hiri-berroneratzep roiektuak osatu ondoren.
Andonaegi (Pasaia), Txarama (Leaburu), Beraun (Errenteria) eta Aramotz (Durango) bulegoen kasua da hori, auzo-komunitateei laguntzeko prozesuak amaitu eta eremu horietako bakoitzean aurreikusitako jarduerak arrakastaz gauzatu ondoren itxi baitira.
Itxiera horiek Opengela ereduaren aldi baterako eta hurbileko izaeraren erakusgarri dira. Eredu hori hiri-berroneratzeko proiektuen garapenean auzo bakoitzaren behar zehatzei erantzuteko sortu zen, hasierako informazio- eta aktibazio faseak landuz, obrak eginez eta berronertaze-prozesuak amaituz.