Opengela Egunak Euskadiko auzo-bulegoak bilduko ditu Bilbon, hiri-berroneratzearen inguruko esperientziak partekatzeko

    • LIFE BIRTUOSS proiektuak bultzatutako topaketa datorren uztailaren 9an izango da, Guruzu gunean, EDE Fundazioaren egoitzan, eta Euskadiko 25 «opengelen» ordezkariak bilduko ditu, erakunde, enpresa eta gizarte-eragileekin batera.

Hiria berroneratzeko prozesuetan herritarrei laguntzen dieten hurbileko bulego-sarea finkatzeko urteetan elkarrekin lan egin ondoren, ikaskuntzak partekatzeko, emaitzak ikusarazteko eta aliantza berriak eraikitzen jarraitzeko unea iritsi da. Helburu horrekin jaio da Opengela Eguna, Euskadiko hurbileko bulegoen topaketa, datorren uztailaren 9an EDE Fundazioaren Bilboko egoitza den Guruzu espazioan ospatuko dena.

Jardunaldia, LIFE22-CET-BIRTUOSS proiektuaren esparruan antolatuta, Euskadiko 25 «opengelen» arduradunak eta kudeatzaileak bilduko ditu, baita administrazio publikoetako, enpresetako, gizarte-erakundeetako eta hiri-berroneratzearen arloko profesionalak ere.

Opengela erreferentziazko eredu gisa finkatu da herritarrei informazioa, laguntza eta baliabideak hurbiltzeko, batez ere hiria eraldatzeko eta birgaitzeko prozesuei aurre egiten dieten auzoetan. Autonomia-, foru- eta udal-erakundeen arteko lankidetzari esker garatu ahal izan da, gizarte-eragileekin, enpresekin eta auzotarrekin batera, betiere pertsonak jardunen erdigunean jarriz.

Topaketan, azken urteetan lortutako aurrerapen nagusiak aztertuko dira, BIRTUOSS proiektuaren balantzea aurkeztuko da eta hainbat euskal udalerritan garatutako esperientzia praktikoak partekatuko dira. Horrez gain, ereduaren hazkunde eta erreplikagarritasun aukerak landuko dira, Euskadin zein Euskaditik kanpo.

Topaketarako eta elkartrukerako gunea izan nahi du hitzorduak, hiri-trantsizio justu eta jasangarria bultzatzen jarraitzeko, hiria berroneratzeko prozesuetan laguntzen erreferente bihurtu den sarea indartuz.

Interesdunek ekitaldirako prestatutako formularioaren bidez eman dezakete izena.

PROGRAMA

Guruzu gunea (Plaza)

12:00 – 12:30 | Aldez aurreko kafea

12:30 – 12:45 | Ongietorri instituzionala

12:45 – 13:15 | LIFE BIRTUOSS proiektuaren balantzea

13:15 – 14:00 | ‘Opengelen’ kasu praktikoak Euskadin

14:00 – 14:30 | Itxiera eta aperitiboa

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

OPENGELA

Harpidetza zuzena

Logo