2023ko irailaz geroztik, BIRTUOSS proiektu europarrak Opengela eredua garatzen du, aurreko proiektu batean sortua (HIROSS4all, Horizon 2020 programak finantzatua) eta gizarte, ekonomia eta ingurumen alderdietan sakontzen duena. Gainera, eraikinen birgaitzea auzo bakoitzaren hiri-berroneratzera bideratzeko formulak aztertzen ditu.
Izan ere, azken urteotan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila buru duen eredu hori hazi egin da, Euskadiko 21 udalerritako 25 auzotan ezarri arte, eta 2.800 etxebizitza hobetzeko aukera ematen ari da. Eta, bulego-sarea autonomia-erkidego osoko udalerrietara zabaltzen ari den aldi berean, BIRTUOSSek living lab bat garatu du TorreUrizarren, Bilbon, saiakuntza-banku gisa erabili baita Europako proiektu horren aurrerapenak esperimentatzeko.
Gonzalo Loza kazetariak gidatutako bideo berri honek erakusten du obrak auzoan eta etxebizitzetan izan duten bilakaera, baita auzotarrentzako leihatila bakarraren balioa ere. Era berean, TorreUrizarreko bizilagun baten, Marina Hornazabal auzo horretako opengelaren arduradunaren, Yolanda Diez Bilboko Udaleko Etxebizitza zinegotziaren eta Ana Telleria Eusko Jaurlaritzako Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendariaren testigantzak jasotzen ditu.
Eusko Jaurlaritzarekin batera, partzuergo publiko-pribatu batek bultzatzen du Europako proiektua. Partzuergo hori honako hauek osatzen dute: Energiaren Euskal Erakundea (EEE), Bilboko Udal Etxebizitzak (VVMM), Ingurumeneko klusterrak (Aclima), Eraikuntzakoak (Build:Inn) eta Ezagutza eta Teknologiakoak (GAIA), Euskal Herriko Unibertsitateko CAVIAR ikerketa-taldea (EHU), EDE Fundazioa, Ciclica kooperatiba (karbonogabetze estrategietan espezialista), finantzaketan (GNE Finance), komunikazioan (Gabineteseis) eta Europako gaietan (Zabala Innovation) adituak diren enpresek, eta halaber, Europako bi erakunde, Fedarene (Energia eta Ingurumenerako Agentzien eta Eskualdeen Europako Federazioa) eta Espainiako Eraikuntza Jasangarrirako Kontseilua (GBCe).