Otxar Opengelak birgaitzearen eta hiri-berroneratzearen kudeaketari buruzko ikastaroa hartuko du bere baitan

  • Azaroan eta abenduan, auzo bilbotarreko bulegoa profesionalak alderdi teknikoetan eta antolakuntzakoetan prestatzeko gune bihurtuko da, hiria birgaitzeko eta berroneratzeko proiektuei ekiteko erramintak izan ditzaten.
  • Ikastaro hau Opengela programari estuki lotuta dago; izan ere, haren helburu nagusia da hurbileko bulego teknikoetako eta kudeaketa-bulegoetako kideak modu transbertsalean eta holistikoan prestatzea, etorkizunean Euskal Autonomia Erkidegoko auzo kalteberak artatuko baitituzte.
  • Ikastaroak 17 plaza ditu, eta urriaren 14a baino lehen izena eman ahal izango dute administrazio publikoko profesionalek eta unibertsitate-titulua duten pertsonek.

IVAPek (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak) antolatutako ‘Hiri-birgaitzearen eta -berroneratzearen kudeaketa’ ikastaroak Otxar Opengela erabiliko du egoitza gisa azaroan eta abenduan. Bi hilabete horietan, prestakuntza integrala eta integratua eskainiko zaie administrazio publikoko profesionalei eta unibertsitate-titulua duten pertsonei.

IVAPeko eta EVETUko (Lurralde eta Hiri Ikasketarako Euskal Eskolako) hizlariek profesionalek diziplina horretan duten zeregin teknikoari eta antolakuntzari buruzko jakintza zabala lortzeko gakoak azalduko dituzte. Helburua auzoak birgaitzeko edozein lan egiteko gai izatea da, edozein eskalatan dela ere.

Hori horrela, proposamenen plangintza teknikoari buruzko alderdiak landuko dira, bai eta onuradunen parte-hartzea, kudeaketa-prozesuak edo finantza-bideragarritasuna ere. Hori guztia arau- eta administrazio-esparruen arabera egingo da (Europakoa, Estatukoa, autonomikoa, tokikoa), bai eta birgaitzea egin daitekeen eskala guztietara aplikatuta ere (auzoa, eraikuntza-multzo homogeneoa, eraikina edo horien multzoa).

Ignacio de la Puertak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendariak; eta Gerardo Ruiz Palomequek, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasle titularrak eta hiri-birgaitze eta -berroneratzean adituak, elkarlanean zuzentzen dute ikastaro hau. Azaroaren 2an hasiko da, bien artean emango duten jardunaldi batean, non esparru kontzeptual bat ezarriko duten Europa eta lurralde mailan.

Hainbat diziplinatako profesionalek, hala nola abokatuek, soziologoek, arkitektoek, ingeniariek edo langile teknikoek, beren esperientzietatik jasotako ezagutza ikasleen eskura jarriko dute metodologia teoriko-praktiko baten bidez, non benetako adibideetan oinarritutako eztabaida eta azalpenak nagusituko diren. Hala, ikasturtean zehar, hirigintzaren eta birgaitzearen inguruko gaiak landuko dira eskualde- eta toki-mailan, bai eta birgaitze-proiektuak modu integralean, interaktiboan eta aldi berean gauzatzeko gako teknikoak ere.

Izena emateko epea urriaren 14an amaituko da eta hiru modu daude matrikula egiteko: batetik, Eusko Jaurlaritzako langileak, auto-matrikulazio bidez; bestetik, toki- eta foru-administrazioetako langileak, beren erakundeko prestakuntza-koordinatzailearen bidez; eta, azkenik, profesionalek, lizentziadunek eta/edo graduatuek eskabidea beteta bidali beharko dute evetu@ivap.eus helbidera.

Ikastaro hau Opengela programari estuki lotuta dago; izan ere, haren helburu nagusia da hurbileko bulego teknikoetako eta kudeaketa-bulegoetako kideak modu transbertsalean eta holistikoan prestatzea, etorkizunean Euskal Autonomia Erkidegoko auzo kalteberak artatuko baitituzte.

Bandera de la Unión Europa

Egitasmo honek Europar Batasunaren Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza programaren dirulaguntza jaso du, zbk. 846707 dirulaguntza-hitzarmenaren arabera

Otxar Opengela

Helbidea: Pau Casals hiribidea, 16 (Otxarkoaga, Bilbo). 

Telefono zenbakia: 946 85 19 32

Posta elektronikoa: otxaropengela@vvmm.bilbao.eu

 

Txonta Opengela

Helbidea: Txonta kalea, 3, beheko solairua (Eibar)

Telefono zenbakia: 688 77 97 37

Posta elektronikoa: txontabulegoa@eibar.eus

 

Copyright@2019 | Eskubide erreserbatu guztiak | Lege oharra | Icono de Twitter  Icono de Youtube

Copyright@2019 | Eskubide erreserbatu guztiak | Lege oharra | Icono de Twitter  Icono de Youtube