Lurralde Plangintza Sailak eta Repsol Fundazioak eraikinen birgaitze ekojasangarria eta auzoen berroneratzea bultzatuko dute Euskal Autonomia Erkidego osoan

  • Akordioaren bidez, 2021ean abian jarriko den Opengela Fundazioa sortuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko auzoetan hiri-berroneratze integrala bultzatzeko, auzokoak aholkatuko dituzten hurbileko bulegoen bitartez.
  • Jarduketen helburua da gizarte-desberdinkeriak murriztea, kolektibo kalteberei eraberritze-lanetarako sarbidea erraztea eta energia-efizientziako jarduketen bidez CO2-arekiko hiri neutroak sustatzea.
Iñaki Arriola eta António Calçada Opengela Fundazioa sortzeko aurreakordioa sinatu dute

António Calçada, Repsol Fundazioko zuzendariak eta Iñaki Arriola Lurralde, Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak  Opengela Fundazioa sortzeko aurreakordioa sinatu dute.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak eta António Calçada Repsol Fundazioko zuzendaria Opengela Fundazioa sortzeko aurreakordioa sinatu dute astelehen honetan. Erakunde horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan birgaitze-lan jasangarrien plan integral bat bultzatuko dute elkarrekin.

Fundazio berria izango da birgaitze ekojasangarriko proiektuak Autonomia Erkidego osoan kudeatuko dituen erakundea, eta dagoeneko aurrerapenak egiten ari dira jarduketa-eremuak identifikatzeko. Gaur egun, esku-hartze horiek Europako Opengela proiektuaren bidez egiten dira (Horizon 2020 programaren bidez finantzatuta), Txonta (Eibar) eta Otxarkoaga (Bilbo) auzo pilotuetan, eta Aramotz (Durango) eta Basaundi Bailara (Lasarte-Oria) auzoetan errepikatzen ari da proiektu horren eredua. Aipatutako proiektuak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak hiri-berroneratzeko jarduketak sustatu ditu Koroatzean (Gasteiz) eta Txomin Enean (Donostia).

Opengela Fundazioa sortzeko urrats berri honen bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Repsol Fundazioak Euskal Autonomia Erkidego osora hedatu nahi dute energetikoki jasangarria, irisgarria eta gizartearen eta hirigintzaren aldetik kohesionatua izango den auzo-eredu berriranzko bilakaera.

Jarduketak energia-efizientzian, irisgarritasunean eta egiturazko segurtasunean oinarrituko dira, isurketak murrizten eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduta. Opengela izeneko hurbileko bulegoek laguntza teknikoa emango dute birgaitze-lan horiek gauzatzeko, eta finantzaketa-programak ere eskainiko dituzte gizarte-kalteberatasuneko, iraupen luzeko langabeziako edo pobrezia energetikoko egoeran dauden pertsonei horrelako esku-hartzeetarako sarbidea emateko.

Opengela Fundazioa pribatua izango da, eta aurten lanean hastea espero da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu ondoren. Eusko Jaurlaritzarekin eta EAEko udalekin harreman estuan egingo du jarduera hori.

Berdintasuna eta berrikuntza hiri-birgaitzean eta -berroneratzean

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak adierazi duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoak Europa hegoaldeko etxebizitza libreen parkerik zaharrenetako bat du, eta betebeharra dugu energiaren aldetik jasangarriak izango diren birgaitzeen arloko iraultza pertsona guztien eskura jartzeko, haien erosahalmena edozein dela ere”.

Bestalde, António Calçada Repsol Fundazioko zuzendariak azpimarratu duenez, lankidetza honek “Trantsizio energetiko jasangarria eta inklusiboa bultzatzen du, isurketak murrizteko helburuetan lagunduz eta familien bizi-kalitatea hobetuz, batez ere ahulenak direnena. Gainera, eragin handia du suspertze ekonomikoan, birgaitze-lanak egiteko euskal enpresa-sarea garatzearen aldeko apustua egiten baitu”.

Akordio honen bidez, ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatuko dira eraikinen birgaitzeari, hiri-berroneratzeari eta hiri jasangarri, inklusibo, kohesionatu eta erresilienteak garatzeari dagokionez.

Bandera de la Unión Europa

Egitasmo honek Europar Batasunaren Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza programaren dirulaguntza jaso du, zbk. 846707 dirulaguntza-hitzarmenaren arabera

Otxar Opengela

Helbidea: Pau Casals hiribidea, 16 (Otxarkoaga, Bilbo). 

Telefono zenbakia: 946 85 19 32

Posta elektronikoa: otxaropengela@vvmm.bilbao.eu

 

Txonta Opengela

Helbidea: Txonta kalea, 3, beheko solairua (Eibar)

Telefono zenbakia: 688 77 97 37

Posta elektronikoa: txontabulegoa@eibar.eus

 

Copyright@2019 | Eskubide erreserbatu guztiak | Lege oharra | Icono de Twitter  Icono de Youtube

Copyright@2019 | Eskubide erreserbatu guztiak | Lege oharra | Icono de Twitter  Icono de Youtube