Hiri-berroneratze prozesuei atxikitzen zaien begirada ezberdinen artean, genero ikuspegiak ez du tradizionalki lehentasunezko leku bat izan. Hala ere, gertuko analisi batek hainbat gako eman ditzake hiri-arloan dagoen genero desberdintasunaren inguruan.
Sonia de Gregoriok, Madrilgo Arkitektura Goi Eskola Teknikoko Hirigintza eta Lurralde Antolamendu Saileko ikertzaileak, hiri-berroneratzean genero ikuspegiaren gaineko lan sakona egin du, Bultzatu 2050 deritzon Euskadiko Hiri Agendaren alorrean. Esteka honetan dago eskuragai.
Lan honek, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak eskatuta, “hiri-berroneratze programetan parte hartu dezaketen pertsonak gidatzea” izan du helburuen artean, “genero ikuspegia jasotzeagatik nabarmentzen diren ikuspuntuak bultzatu ditzaten”. Honela, “genero ikuspegia duten hiri-berroneratzerako estrategien (frogatu eta beste proiektuetara eraman daitezkeenak) garapenean aurrera egitea” bermatu nahi da, alde batetik. Bestetik, “berdintasunerako ezinbestekoak diren balioen aldaketa bultzatu eta finkatu” nahi da.
Lanak “birsorkuntza estrategien markoan emakumeen errealitatea eta beharrak” kontuan izan behar direla aldarrikatzen du. Batez ere, auzo zaurgarrietan jartzen du begirada, eta beste gauza batzuen artean, parte-hartze prozesuan genero ikuspegia kontuan hartu behar dela erreklamatzen du, gizarte-talde guztien ahotsa entzun dadin, eta horien artean, emakumeena.
Sonia De Gregoriok irizpideak eman ditu adierazle batzuk ezartzeko. Zehazki, martxan jartzen diren jarduerek emakumeen errealitateari eta behar espezifikoei erantzuna ematen nola laguntzen duten “neurtzea” ahalbidetuko duten adierazleak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzaren Hiri-Berroneratzearen Zerbitzuko langileen laguntza izan du.
Ikertzaileak hiru zeharkako-ardatzetan jarri du fokua, Euskadiko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek (LAG) egiten duten bezala: genero ikuspegia, klimaren aldeko ekintza eta hiri-osasuna.
Eta zergatik hiri-berroneratzean genero ikuspegia ezarri? “Berroneratze politikak duen gaitasun eraldatzailean” dago gakoa, eta hau “emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko lehentasun bezala” erabili behar da.
Otxarkoagan diagnostikoa
De Gregoriok hainbat ideia jaurti ditu, txikiak diruditen arren, egungo eredua erabat eraldatzen duten kontuetan genero ikuspegia kontuan hartzeko. Badaude, adibidez, zaintza lanak egunero egiten dituzten pertsonen (batez ere, emakumeak) eguneroko bizitza hobetzen duten ekintzak.
“Ibilgarritasunaren” ikuspegitik ere espazio publikoaren balizko hobekuntzak definitzen dira, hau da, bertatik ibiltzeko erosoagoa eta erakargarriagoa bihurtzea. “Segurtasun nabarituaren” ikuspegia ere aipatzen da, baita “bernaturalizazioa eta konfort klimatikoa”.
Lan honen barnean Otxarkoagako auzoan froga bat egin da, diagnostiko eta interbentzio proposamen pilotu batekin, genero ikuspegia auzo bilbotarraren berroneratzean hainbat ekintzetan ezartzeko asmoz.