Adituen aholku-batzorde batean oinarritu da Opengela proiektua aberasteko helburuarekin 

  • Maiatzaren 24an, bigarren bilera egin zen, hiri-berroneratzearen balio-kate osoko 11 erakundeko ordezkariekin. 

Opengela ereduak hiri-berroneratzearekin lotutako soluzio berritzaileak garatzen ditu, eta irtenbide horiek Europako Batzordearen LIFE programak finantzatutako BIRTUOSS proiektu europarraren bidez ari dira hedatzen. Proiektu honetan partzuergoa osatzen duten 14 erakundeez gain, aholku-batzorde bat eratu da, hiri-berroneratzearen balio-kate osoko adituez osatua.

Maiatzaren 24an bildu zen bigarren aldiz kontseilu hori, eta 11 erakundek osatzen dute. Erakunde horiek beren ezagutza ematen dute proiektuaren emaitzak kontrastatu eta aberasteko. Ordezkariek hiri-berroneratzean funtsezkoak diren zenbait gai bideratzen lagundu zuten. Era berean, adierazi zutenenez, aurrerapenak bide onetik doaz, eta Opengela “oso proiektua arrakastatsua” da Europako hainbat erakundetan. Izan ere Opengela eredua EB osoan errepikatzearen alde daude.

Kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoko eta Europako erakundeak daude ordezkatuta. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO), Bizkaiko Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialaren (COAATBI) eta eraikuntza-enpresen eta enpresa sustatzaileen patronalen (ASCOBI) (Bizkaia), ASCONGI (Gipuzkoa) eta SEA Uneca (Araba) bitartez, arkitekturako profesionalen kolektiboa sartzen da, zeinek bere arloan ezagutza teknikoak eta aholkuak ematen baititu.

Euskadiko Udalen Elkartea (Eudel) ere aholku batzordeko kide da. Herri Administrazioari buruzko ezagutzarekin eta ikuspegiarekin laguntzen du, eta Opengelan garatutako konponbideak merkatuan azkarrago ezartzeko ideiekin laguntzen du. Estatuko Administrazioa ere batzordearen parte da, Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioaren bidez (MIVAU).

Europaren ikuspegia

Nazioarteko erakundeen presentzia nabarmena da aholku-batzordean. Adibide bat Renovate Europe da, Efficient Buildings Europe-ren ekimena, 2050era arte higiezinen parkearen energia-eskaria % 80 murriztera bideratua.

Eta beste kide bat Housing Europe da, Etxebizitza Publiko, Kooperatiba eta Sozialaren Europako Federazioa, 25 milioi etxe inguru kudeatzen dituena, Europan dauden etxebizitzen % 11 inguru. Dimentsio soziala ematen du, eta Opengela partzuergoan parte hartu zuen Europako aurreko proiektuan (HIROSS4all), 2019tik 2023ra Horizon 2020 programaren finantzazioa jaso zuena. Proiektuaren irisgarritasunean eta jasangarritasunean jartzen du arreta, pertsonen onurarako.

Halaber, Europako ikuspegia eta klima-aldaketarekin lotutako informazioa Climate-KIC -ek ematen du. Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuaren (EIT) komunitateetako bat da, eta Hiri Misioaren Europako plataforma koordinatzen du, eta, UPMrekin batera, citiES 2030 ekimena gidatzen du Espainian.

Era berean, etxebizitzen jabeen ikuspuntua ziurtatuta dago Jabeen Nazioarteko Batasunaren (UIPI) presentziarekin, 28 herrialdetako 31 erakunde eta Euskadin ordezkaritza duen elkartea.

Aditu-talde horrek guztiak Opengela programa garatzeko eta hobetzeko aholkuak ematen dizkio BIRTUOSS partzuergoari, eta hiri-berroneratzearen eremuan balio-katearen barruan garrantzitsuak diren beste eragile batzuen ikuspuntuarekin laguntzen du. Proiektu europarrak irauten duen bitartean parte hartzea aurreikusten da. Ekarpen hori funtsezkotzat jotzen da BIRTUOSSen kalitatezko kudeaketa-eredu bat garatzeko, auzo-eskalako hiri-eraldaketan oinarritutako ikuspegi integral batekin.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

Euskadiko enpresek hamar irtenbide berritzaile proposatu dituzte hirien berroneratze prozesuan laguntzeko 

  • Ekimenaren helburua Bilboko TorreUrizar auzoan aplikatu ahal izatea da, proba-eremu gisa.
  • Ignacio de la Puertaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendari eta BIRTUOSS proiektuaren koordinatzailea, Opengela “herritarrengan konfiantza sortuko duen marka izango da”.

Maiatzaren 24an, Bilboko Bizkaia Plaza Eraikinean Opengelak antolatutako workshop bat eman zen. Bertan, eraikuntzaren, ingurumenaren eta digitalizazioaren sektoreekin zerikusia duten hainbat euskal enpresak hainbat irtenbide berritzaile aurkeztu zituzten, gero Bilboko TorreUrizar auzoan aplikatu ahal izateko. Irtenbide horiek ‘living lab’ edo proba-eremu gisa erabiltzen ari dira, iazko irailean hasi zen BIRTUOSS proiektu europarrerako.

Gaur egun, TorreUrizarren helburuak irisgarritasuna hobetzea da, igogailua ez duten atarietan igogailua instalatuz, energia-eskaria murriztuz eta efizientzia hobea lortuz. Adibidez, inguratzaile sistemetan landuz, estalkian plaka fotovoltaikoak instalatuz, termoak gas-galdarekin ordezkatuz edo etxebizitzetan erradiadoreak instalatuz. Hala azaldu zuen Txari Vallejo Bilboko Udal Etxebizitzen arkitektoak, eta gainera, eraikineko aparkalekuan elektrolinera bat jartzea ere aipatu zuen. “Proposamen horiekin aurrezpenaren % 63 inguru lortzen dugu, eta, horrela, finantzazioaren % 80ra iristea lortzen dugu”, azaldu zuen Vallejok.

Gainera, arkitektoak adierazi zuenez, “adostasuna, ilusioa eta ahalmen ekonomikoa” funtsezkoak dira. “Jabekideen komunitateak ahalmentzen ari gara esku-hartze horiek egin ditzaten. Errehabilitatzeko nahia piztu dugu”, adierazi zuen.

Aurkeztutako irtenbide berritzaileak aplikatu ahal izateko, lankidetza publiko-pribatua, komunikazioa eta kontzientziazioa beharrezkoak dira. Hori da workshopetik ateratako ondorio nagusietako bat. Horrela, Energiaren Euskal Erakundetik (EEE), Sagrario Enerizek energia berriztagarrien hedapenaren beharraz hitz egin zuen, baina bakoitza planteatzen diren hiri-inguruneko espazio eta baldintzetara egokitu behar dela azpimarratuz.

Halaber, espazio publikoetan energia autokontsumoaren ideia planteatu zuen, eta Euskadiko autokontsumoko zenbait energia-komunitateren kasuak azaldu zituen, hala nola Otxarkoagan edo Lasarte-Orian autokontsumo partekatuko energia-komunitateena edo Sestaoko Txabarri El Sol auzoarena, udal-jabetzako biomasako bero-sare baten bidez. Kasu horiek guztiek energia berriztagarriak, tokikoak eta kolektiboak dira. Azkenik, Enerizek adierazi zuenez, herritarrekiko komunikazioa eta parte-hartze irekia ezinbestekoak dira herritar guztiak inplikatzeko.

Opengelan parte hartzen duten hiru euskal klusterrek ere parte hartu zuten. Build:Inn-en eskutik, eraikuntzaren sektorea biltzen duen klusterra, zenbait irtenbide industrializatu eta energia-eraginkortasunekoak azaldu ziren, neurri pasiboak eta aktiboak aplikatuz. Marta Epeldek hasteko aipatu zuenez, “birgaitze-lanak hasiera batean nekagarriak dira”. Beraz, klusterrak (lehen Eraikune deitua) irtenbide aktibo eta pasibo batzuk helarazi zituen, egoiliarrei ahalik eta kalte gutxien eragiteko garatuak.

Pasiboen artean nabarmenena, eta “birgaitze energetikoaren osagai kritikoa”, fatxaden isolamendua da, SATE zehazki, baina “hasiera besterik ez da”. Izan ere, gaur egun, argitaratutako zuzentarauek berroneratze sakonak eta integralak eskatzen dituzte, energia-aurrezpen nabarmenarekin, eta, beraz, esku hartzeko orduan, eraikinen orokortasunean oinarritu behar da. “Ez ditzagun ahaztu egur-lanak, zubi termikoak, kontrolik gabeko aireztapenak eragin ditzakeen galerak, hermetikotasun txarra, fatxadan gaizki ahokatuta dagoen leihoa edo aireztatze-sistema zaharra”, azaldu zuen.

Soluzio aktiboen artean, besteak beste, eguzki-panel termikoak edo sistema fotovoltaiko partekatuak instalatzea.

Era berean, Epeldek aipatu zuenez, material eta elementu aurrefabrikatuek garrantzi handia dute obrak ahalik eta azkarren egiteko eta, aldi berean, auzokoak ahalik eta gutxien oztopatzeko. Obretan parte hartzen duten pertsonak ere aipatu zituen, eta “sentsibilitate tekniko hori guztia” izan behar dutela adierazi zuen, baina baita pertsonekin aritzen direla ere.

ACLIMAk, eta, zehazki, Juan Antonio Gascónek, naturan oinarritutako hiri-soluzioen berri eman zuen, eta, azaldu zuenez, onura ugari dakarzkie hiriei eta biztanleei, hala nola klima-aldaketa arintzea eta klima-aldaketara egokitzea; euri-uren mantenu-eremuak sortzea; giza eta hiri-erosotasuna; biodibertsitatea hobetzea, hiri-nekazaritza, airearen eta uraren kalitatea, eta karbono-emisio gutxiko irtenbideei laguntzea. Gainera, giza eta hiri-psikologian eta -osasunean laguntzen dute. “Kontua hiriak berregitea da, gizakiaren habitat naturala natura baita, ez asfaltoa”, adierazi zuen Gascónek.

Eraikinaren eskalan, adibidez, landare-estalkiak edo -fatxadak daude, eta hiri-eskalan, landare-itzalak edo zoladura iragazkorrak. Dagoeneko badira Euskadin soluzio horiek abian jarri diren zenbait leku, hala nola Europa Biltzar Jauregian (Gasteiz), Legazpin, Igeldon edo Idiazabalen. Estatu mailan, Bartzelona aitzindarietako bat da eta bertan mota horretako hainbat ekintza egin dira.

Hala ere, Gascónek adierazi zuenez, naturan oinarritutako era horretako irtenbideak aplikatzen dituzten enpresak badauden arren, ez dituzte aplikatzen, beste faktore batzuek ere eragiten dutelako, hala nola herritarren ezjakintasunak.

Azkenik, GAIAko ordezkaria den Itziar Vidorretak ezagutza-teknologietan oinarritutako irtenbideen ikuspegia eman zuen. Vidorretak azpimarratu zuenez, Opengela bezalako modelo batean, “klusterren arteko lankidetza funtsezkoa da”. Era berean, gaur egun merkatuan dauden soluzioak biltzen dituen teknologia-mapa bat aurkeztu zuen.

GoroldioTEK nabarmendu zuen Vidorretak, Madrilgo Unibertsitate Autonomoarekin lankidetzan egina. “Naturan oinarritutako irtenbidea, goroldioa, erabiltzeko aplikazioa da, baina monitorizazio-teknologiak ditu atzean, kontsumoak kontrolatzeko balio dutenak, eta aplikazio praktiko bat du, informazio-panelen bidez edo autobus-geltokietan ere aplika daitekeena”, azaldu zuen.

“Eraikinaren eskala auzora igo”

Jardunaldiari hasiera emateko, Ignacio de la Puerta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendaren zuzendariak hitzaldia eman zuen. Opengelaren diagnostiko bat egin zuen 2019an sortu zenetik, Horizon 2020 Europako esparru-programaren bidez finantzatutako proiektu gisa, eta, gaur egun, Europako Batzordeak LIFE programaren bidez emandako konfiantzari esker jarraitzen du, BIRTUOSS izeneko proiektu batekin. Duela lau urte Txontan (Eibar) eta Otxarkoagan (Bilbo) hasi zen hurbiltasun-bulegoen bidezko hiri-berroneratze zerbitzu hori Euskadiko beste 23 herritara zabaldu da, eta eredu da Estatuko eta Europar Batasuneko beste udalerri batzuentzat.

Arrakasta horrek hobetzen jarraitzera bultzatzen du, eta etapa berri honen helburu nagusietako bat eraikinetik auzorako jarduketa-eskala igotzea da, eredu erraz, integratzaile eta sinple baten bidez. Eredu horrek funtsezko alderdiak barne hartuko ditu, hala nola eraginkortasun energetikoa; finantzaketa eskuragarria; zerbitzuak emateko esparru juridiko bat; IKT tresnak eta etxeen digitalizazioa; Eraikinaren Pasaportea; naturan oinarritutako irtenbideak edo energiaren erabilerari buruzko gaikuntza eta aholkularitza. Gainera, dimentsio soziala integratu nahi da, pobrezia energetikoari eta osasunari aurre egiteko eta komunikazio- eta baterako diseinu-estrategiak hobetzeko aukera emanez, erabiltzailea erabakiak hartzen inplikatzeko. Azken batean, auzoa izango da berroneratze-prozesuaren erdigunea.

Proiektuaren koordinatzaileak azpimarratu zuenez, beharrezkoa da kudeaketa-erakunde bat sortzea, proiektu publikoko bazkideen arteko lankidetza bidez, herritarrei konfiantza emango dien marka sortu ahal izateko.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.

Opengelak erronka bota die euskal enpresei hiria berroneratzeko irtenbide berritzaileak identifikatzeko

  • Maiatzaren 24an, ostirala, Bizkaia Plaza eraikinean Europako proiektuaren bazkide diren zenbait erakundek hartuko dute parte, hala nola Eusko Jaurlaritzak, Build Inn, Aclima eta Gaia klusterrek, EEEk, Bilboko Udal Etxebizitzak eta Cíclicak.

Ba al dago berrikuntzarako eta irtenbide berriak bilatzeko tarterik hiri-berroneratzearen esparruan? Ostiral honetan, hilak 24, Bizkaia Plaza eraikinean, Opengelak, hiria berroneratzearen euskal ereduak, eraikuntza, ingurumena eta digitalizazioa bezalako sektoreetako enpresak deitu ditu erronka hori planteatzera.

Egun horretan workshop bat egingo da, hiria berroneratzeko prozesu integraletan inplementatzeko irtenbide berritzaileak eta bideragarriak identifikatzeko helburuarekin. Irtenbide horiek hainbat eremutatik irits daitezke. Horregatik, jardunaldian sektore desberdinetako eragileak izango dira. Horiek guztiek LIFE programak finantzatutako eta Euskadin 2019an hasitako Opengela eredua zabaltzen eta hobetzen ari den Europako BIRTUOSS proiektuan bazkide gisa parte hartzen dute.

Jardunaldiak Administrazioaren ikuspegia erakutsiko du, Ignacio de la Puerta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendariaren bitartez. Berak emango dio hasiera mintegiari, 11:00etan, BIRTUOSS-Opengelaren esparrua kokatzeko.

Bere hitzaldiaren ondoren, TorreUrizar Bilboko auzoaren kasua ezagutuko da, berrikuntza horietarako ‘living lab’ edo proba banku gisa erabiltzen ari dena. Bertan ‘opengela’ izeneko hurbileko bulego bat duen Bilboko Udal Etxebizitzak (VVMM), proiektuaren egungo egoera azalduko du.

Horrez gain, Cíclicako arduradunek Euskadin eraikitako parkearen karakterizazioan eta arkitektura, komunitatea eta ingurumena bezalako hiru elementuren integrazioan egindako lanaren berri emango dute. Gainera, Eraikinetako Eraginkortasun Energetikoari buruzko Europako Zuzentarauaren (EPBD, ingelesezko sigletan) berrikuspenaren transposizioa egiteko garatu diren tresnak ere azalduko dituzte. Tresna horrek industria-sektorearekin, Eraikinaren Pasaportearekin eta Eraikinaren Erregistro Digitalarekin interakzioa ahalbidetzen duten ibilbide-orriak definitzen laguntzen du.

Opengelako bazkideek euskal enpresei planteatuko dizkieten erronkak energia-eraginkortasunean, irtenbide industrializatuetan, naturan oinarritutako soluzioetan eta IKTen integrazioan oinarritzen dira batez ere.

Horretarako, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) ordezkariek eta hiru klusterrek parte hartuko dute: Build Inn (lehen Eraikune), Aclima eta Gaia. Horiek guztiak Europako proiektuaren parte dira.

Esku-hartze horien ondoren, bertaratutako enpresekin kontrastatuko da, planteatutako erronketarako irtenbide posibleak baliozkotzeko. Besteak beste, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: bideragarritasun ekonomikoa, zailtasun teknikoa, hurbileko merkatu baten eskuragarritasuna edo birgaitze-prozesuetan egiazko ezarpena. Konponbideak bateratu ondoren, jardunaldiaren ondorioekin amaituko da.

Hitzordua 11:00etatik 14:00etara izango da eta kluster horietako kide diren enpresei zuzenduta dago bereziki. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.

OPENGELA NEWSLETTER

JASO ITZAZU OPENGELAREKIN LOTUTAKO ALBISTE GUZTIAK
Europar Batasunak kofinantzatua. Adierazitako ikuspuntuak eta iritziak egileenak baino ez dira, eta ez dituzte nahitaez EBrenak edo CINEArenak islatzen. Europar Batasuna eta finantzaketa-agintaritza ezin dira horien erantzuletzat jo.