Elkarrizketa- Jon iraola, eibarko alkatea

«Auzoko bulegoa funtsezkoa da; erakundeen eta auzotarren arteko beharrezko konfiantza lantzeaz arduratzen da»

Jon Iraola, alcalde de Eibar

Jon Iraola, Eibarko alkatea

Jon Iraola Eibarko alkateak bertatik bertara ezagutzen du Opengela proiektua. Joan den martxoan kargua hartu zuen arte, Obra, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi izan zen Udalean, eta Txonta auzoko hiri-berroneratzearekin lotutako gaiak kudeatzeaz arduratu zen. Txonta Europako proiektu honetako bi pilotuetako bat da. Orain ardura horiei Gipuzkoako udalerriko agintari nagusi izatea gehitu zaie.  

Elkarrizketa honetan, Opengelaren ibilbideari buruzko iritzia eman du. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak gidatzen du, eta DEBEGESAk (Debabarrena Eskualdeko Garapen Ekonomikorako Sozietateak, Eibar barne hartzen duenak) parte hartzen du. Auzo-bulegoak ezartzen ditu hiria berroneratzeko prozesuei ekiteko, eta Europako Batzordearen Horizon 2020 programak finantzatzen du.   

Opengela proiektuaren bilakaera jarraitu duzu 2019ko maiatzean hasi zenetik. Zer esan nahi du eta zer balio du Eibarko herriarentzat?  

Udala eta Eusko Jaurlaritza 2017. urtearen amaieran hasi ginen Txonta auzoarekin lanean, Jaurlaritzak 2,3 milioi euro baino gehiagoko diru-laguntza abian jarri zuenean, eta duela hilabete batzuk 2,5 milioi euro baino pixka bat gehiago eman zituen. Udalak, gainera, 400.000 euroko diru-laguntza gehigarriarekin parte hartzen du proiektua osatzeko. 

Hiri-berroneratzea premiazkoa zen. Hirigintzari dagokionez, Txonta auzo konplexua da, eta nahiz eta aurretik saiakerak egin diren, ez da lortu auzoaren biziberritzea osatzea orain arte. Jaurlaritzaren diru-laguntza hori aukera ona zen proiektuan sartzen diren 17 atariak birgaitzeko. Opengela ere ahalmen handiko tresna da, birgaitzearen hainbat alderdi ukitzen dituelako. Alde batetik, bulegoa bera funtsezkoa da proiekturako, eta jardunbide egokiak eta lan egiteko moduak antolatzeko balio du, auzoak birgaitu nahi dituzten beste hiri batzuetako etorkizuneko bulegoetara zabaltzeko. Gainera, Opengelak finantzazioa dakar, funtsezkoa auzoko bizilagunentzat. 17 atariak fatxadak eta estalkiak birgaitzen ari dira, irisgarritasuna hobetzen ari da. Obra handiak dira eta kostu ekonomiko handia dute. Kasu batzuetan, bizilagun gutxi dituzten eraikinak dira, eta, beraz, bizilagun bakoitzarentzako karga are handiagoa da. Opengelak eskaintzen duen finantzazioa oinarrizkoa da proiektua martxan jartzeko; izan ere, diru-laguntzak behin gastua eginda jasotzen dira, baina horretarako dirua eduki behar da, eta ez da beti horrela izaten. Opengela oraindik ere garapen handia duen proiektua da.  

Proiektuan eragile askok parte hartzen dute. Zein da zuk zuzentzen duzun udala betetzen ari den papera?  

Proiektua bultzatzea egokitu zaigu, bizilagunekin harreman zuzena dugulako eta proiektua aurkezteaz arduratu garelako. Egia da Eusko Jaurlaritzaren eskutik joan garela, baina Txontaren bulegoa udal langileek kudeatzen dute. Pedagogia-lan garrantzitsua egin behar izan dugu, eta, askotan, auzotarrak konbentzitu behar izan ditugu proiektuaren onurez eta seriotasunaz, hasieran mesfidantzak baitzeuden gertatuko zenaz. Mesfidantza horiek logikoak dira, anbizio handiko proiektuak diren heinean, diru asko dago tartean, eta benetan kosta egiten da jendea inplikatzea. Bilera asko antolatu behar izan genituen eta auzotarrek esateko zutena asko entzun behar izan genuen, zein kezka dituzten, horrek ere ikasteko balio baitigu eta proiektua aberasten baitu. Askotan, proiektu horiek abstrakziotik diseinatzen dira, intentzio onenarekin eta beti auzotarren onerako pentsatuz, baina horien garapenean bizilagunak entzun behar dira, haien benetako beharrak eta kezkak detektatu eta konponbideak eman. Horrelako proiektu batek behar eta kezka horiek guztiak ase behar ditu. 

Herritarrek ziur egon behar dute proiektuaz, egingo dituzten eraikuntza-lanez eta bertan egongo garela, laguntzeko eta sostengua emateko. Bulegoak entzuteko ariketa oso beharrezkoa eta garrantzitsua egin du. 

Esaten duzun bezala, Txontaren hiri-berroneratzea bultzatzeko ideia urrunetik dator. Ikusten duzu azkenean egia bihurtzeko zorian dagoela? 

Egia da 2018an hasi ginenean, kosta egin zela abiatzea. Denbora behar izan genuen proiektuan inplikatutako eragile guztiak elkar ezagutzeko eta proiektua abian jartzeko piezak egokitzeko. Lehen aipatu dudan bizilagunen mesfidantza gainditu behar izan zen. Neurri handi batean lortu dugula uste dut. … Antzeko beste proiektu batzuk planifikatzean, kontuan hartu beharko da zenbat denbora kostatu den Txontakoa aurrera ateratzea. Uste dut a priori ezinezkoa dela ideia horretara jotzea. Etorkizunerako, proiektuak amaitzeko epeak ezartzen direnean, auzoaren esperientzia hartu beharko da kontuan. Udalak eta Jaurlaritzak ere gauzak ikasi behar izan ditugu: herritarren kezkak entzun eta proiektua hobeto joan dadin gerri nahikoa izan. Gainera, pandemiak proiektua asko moteldu du. 

Auzokoen kezkak ezagutzen dituzunez, zer jakinarazten dizute? Zer nolako onespena izaten ari da proiektua? 

Kostatu egin zen auzokoek proiektuan konfiantza izatea, funtsean duen tamainagatik, baita eskaintzen genien guztia beteko genuela uste izatea ere. Bazegoen halako mesfidantza zentzuzko bat proiektuarekiko. Auzo horretan lehenago saiatu ziren gauzak egiten eta ez ziren atera. Herritarrek ere erakundeen inplikazio handia eskatu dute, denok argi geneukan honetan elkarrekin joan behar genuela. Kezka asko zeuden obren finantzaketarekin, gauzatze-epeekin eta abarrekin lotuta. 

Bulegoa kudeatzen duten pertsonak, Cristina Boyar eta Debegesa – Esther Zarrabeitia – lan bikaina egiten ari dira. Arrakastaren zati oso garrantzitsu bat auzotarren beharrez nola arduratzen ari diren da, baita nola kudeatzen ari diren ere. 

Ikusten al duzu bilakaerarik hasierako mesfidantza hartatik? 

Bai. Proiektuak aurrera doaz eta atari batzuk martxan daude. Batzuek lanak amaitu dituzte dagoeneko… Atari ia guztiak sartu dira proiektuan. Ondokoak egin duela ikustea pizgarria da gainerakoentzat. Beti behar da aitzindari bat. Komunitate batzuek oso argi zuten, aurrera egin zuten eta gainerakoek bide horretatik jarraitu dute. 

Hain zuzen ere, Txontako birgaitze-lanak ikusten hasi dira, baina oraindik denbora falta da emaitzak ikusteko eta balantzea egiteko. Zer esango zenioke eredu hau aplikatu nahi duen beste edozein udalerriri? 

Auzoko bulegoa funtsezkoa dela. Erakundeen eta auzotarren artean beharrezkoa den konfiantza ehuntzeaz arduratu da. Herritarrek ikusi dute erakundeak prozesu honetan laguntzen ari zaizkiela. Opengelak ere badu diru laguntzaren zati bat, guri berandu samar iritsi zaiguna, gure proiektua dagoeneko martxan zegoelako. Badakigu ez dela batere erraza finantzazio hori bideratzeko finantza-tresna garatzea, eta Eusko Jaurlaritzak lan handia egin duela hori lortzeko. Eta azkenean errealitate bat da. Bi alderdi oso garrantzitsu daude. Auzoko bulegoaren garrantziaz gain, finantzaketa-sistema heldu bat behar da, obra horiek dakartzaten hasierako likidezia-arazoak konpontzen laguntzeko. Opengela proiektua auzoko bulegoarekin egitea, eta finantzaketa-sistema heldu, bizkor, muntatu eta automatikoki martxan jar daitekeen batekin garatzea, alderdi garrantzitsuak lirateke.    

Bandera de la Unión Europa

Egitasmo honek Europar Batasunaren Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza programaren dirulaguntza jaso du, zbk. 846707 dirulaguntza-hitzarmenaren arabera

Otxar Opengela

Helbidea: Pau Casals hiribidea, 16 (Otxarkoaga, Bilbo). 

Telefono zenbakia: 946 85 19 32

Posta elektronikoa: otxaropengela@vvmm.bilbao.eu

 

Txonta Opengela

Helbidea: Txonta kalea, 3, beheko solairua (Eibar)

Telefono zenbakia: 688 77 97 37

Posta elektronikoa: txontabulegoa@eibar.eus

 

Copyright@2019 | Eskubide erreserbatu guztiak | Lege oharra | Icono de Twitter  Icono de Youtube

Copyright@2019 | Eskubide erreserbatu guztiak | Lege oharra | Icono de Twitter  Icono de Youtube